2014/01/26

97 FM Irratia, irrati berria Bilbon

Abian da duela hiru hilabete Bilbo Handiko herri mugimendua oinarri duen 97FM irrati libre berriaren lan taldea. Lehengoan Bilboko Zirika aretoan jendaurreko lehenengo aurkezpena egin zuten eraikuntza prozesu etengabean dagoen irratiko kideek. Aretoan bildutako lagun kopurua dugu, egitasmoak Jendearengan piztu duen jakin-minaren isla zuzena. Izan ere, Tas-tas irrati libreak uda aurretik Bilbo Handiko dialean utzitako hutsuneak entzule ugari umezurtz utzi baititu. Irratiko kideek nabarmendu zuten modura, emititzeko behar duten guztia prest dago, Tas-tas.ek dialean utzitako tokia, plaza berrian kontsumitzaileen eskubideak defendatzen dituen elkarte batek eskainitako aretoa, Tas-tasek eskainitako zenbait baliabide tekniko, eta oinarrizko programazioa osatzeko beharrezkoak diren ideia eta pertsonak ere bai. Edozein kasutan, egitasmoa ziurtasunez abiatu ahal izateko, hilean 10 euro ordainduko dituzten 100 lagun bildu behar dituzte oraindik. Erronka potoloa izanik ere, baikor ekin diote irratiko lagunek helburua gauzatzeari. "Lortuko dugu. Zalantzarik ez dugu" baieztatu zuten.

Anima zaitez, eta egin zaitez bazkide!!

Informazio gehiago:
aurkezpena
http://97irratia.blogspot.com.es/
https://twitter.com/97irratia

2014/01/18

'Asier ETA biok' filma Indautxun ikusgai.

Filmaren zuzendaria, Aitor Merino, horrela azaltzen du filma:

“Asier eta biok Iruñean ikaskide izan ginen 80ko hamarkadan. Ondoren, bide ezberdinetatik jo genuen. Nik, aktore izateko goseak bultzatuta, Madrilera jo nuen; hiriak harrera ona egin zidan eta bazter guztietan egin nituen lagunak, aktoreak gehienak. Bien bitartean, Asier Iruñean bertan bizi zen eta konpromiso politiko handiko ekimen desberdinetan murgildu zen. Urrun bizi arren, Asierrek eta biok adiskidetasuna mantendu genuen. Urteak pasa ziren eta nire ametsa egi bihurtu zen: aktore egin nintzen. 2002ko martxoan, Asier ezkutatu egin zen; polizia zeukan atzetik ETAkide zelakoan. Asierrek zortzi urte eman zituen espetxean. 
Urte guztiotan askotan hitz egiten nien nire Madrilgo lagunei Asierren inguruan eta gure adiskidetasunaz. Baina askotan, nik ere erantzuteko zailtasunak nituen galderak botatzen zizkidaten. Nola azaldu nire lagunei ETAko kide batekin nuen adiskidetasuna? Nola ulertarazi zerk bultzatu zuen erabaki hori hartzera, niri ere ulertzea kostatzen zitzaidanean? Askatu zuten egunean, 2010eko uztailean, kamera hartu eta galdera horri erantzuteko gai izango zen pelikula egitea deliberatu nuen. Hori zen nire asmoa eta, aldi berean, zergatik ez, Madrilgo lagunen eta Asierren arteko ulertze-bideak sortzea. Nolanahi ere, nire egitasmoa ez zen uste bezain erraza gertatu…”.

EPPKko bitartekarien aurkako polizia operazioan berriro ere Asier Aranguren, filmaren protagonista, atxilotua eta kartzeleratua izan da.

Indautxuko Multi zinema aretoan ikusgai dago.



 

2014/01/01

Izan zaitez Tanta

Zer da tanta izatea?

 

Giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen aldeko itsasoarekin bat egitea, eta oinarrian, manifestu honekin. Gure etorkizunaren alde lan egitea. Jendarte honen gehiengoaren borondatearen defentsan aritzea da tanta izatea.
Konpromiso bat da, jarrera bat. Bustitzea da, ekitea, komunikatzea, nork bere esparrutik eta ahal duen heinean.
Gauzak aldatu nahi dituen herri ekimen handi baten parte izatea da. Asko dugu jokoan orain, eta une historiko honetan protagonista bihurtzearen pareko da tanta izatea.
Mobilizazio bati atxikimendua ematea baino askoz harantzago doa: prozesuari energia positiboa eman nahi dion ekintza sozial erraldoi batean esku-hartze aktibo izatea da. Zeren, estatuen jarrera ikusirik, herritarren konpromisoak baizik ez ditu gauzak mugiaraziko, konponbidearen aldeko konpromisoak, alegia; eta zeregin horretan ezinbestekoak dira gure tanta guzti-guztiak.

IZAN ZAITEZ TANTA, ORAINTXE

 

Sartu zure datuak, formularioa bidali eta tanta izango zara. Mezu elektroniko bat jasoko duzu, ekimenean parte hartzeko modu desberdinak azaltzen dituena; horrez gainera, euskarriak eta informazio gehiago ere aurkituko duzu bertan.
Antolaketarako eta komunikaziorako tresna gisa erabiliko ditugu zure datuak. Haien bidez jakingo dugu, lehenik eta behin, zertan lagundu ahal edo nahi duzun, eta bitartekoak jarriko ditugu tanta guztiak auzolan handi batean antolatzeko. Horrekin batera, ekimenari buruzko informazio gehiago bidaliko dizugu.

Informazio gehiago:  http://izan.tantaztanta.info/