2012/03/25

Denak greba orokorrera martxoaren 29an

Eta ondoren, gorantz joango den borroka plan eraginkorra. Burgesiak ez du inolako asmorik langile klasearen aurkako erasoaldia leuntzeko. PPk onartutako lan erreforma frankismoaren bukaeratik langile klasearen eskubideen aurka egindako eraso handiena da. Erreforma honekin langileak inolako babesik gabe gelditzen dira, eta horrela errazagoa izango da enpresetan beldurra sartzea, lanpostuak mantentzearren soldatapekoak beren lan baldintzak okertzea onartzera eramanez.

Eskuinaren helburua enpresari handiek krisiaren erdian negozio handia egiten jarraitzea eta gero eta aberastasun gehiago poltsiko gutxi batzuetan pilatzea da. Horregatik, bai patronal espainiarra, CEOE, bai euskal patronala, Confebask, gustura daude berarekin. Confebaskeko Idazkari Nagusiak honela esan zuen: «Guk uste dugu erreforma honek biltzen dituen neurrien zati handi bat aspalditik ari zirela eskatzen enplegua sortzen dutenak, eta horiek euskal enpresariak dira».

Borroka eraginkor, bateratu eta masiboaren garaia da
Beharrezkoa da langile familien eskubideen aurkako erasoaldiak erantzuna izatea kalean, langile klasearen eta gazteriaren indar guztiarekin. Hala, martxoaren 29ko greba orokorraren deialdia pauso garrantzitsua izan da langileen kontrako erasoari gure aurkakotasuna eraginkortasunez erakusteko, eta goranzko borroka plan baten hasieran bihurtu beharko luke, langile guztiak eta beren familiak borrokara lotzeko. Helburu hau aurrera eramateko bidean, oso positiboa izan da ELA, LAB, CCOO, UGT eta CIGk, beste hainbat sindikaturekin batera, egun bererako deitzea greba orokorrera. Ekintza batasuna, langileen gehiengoa erakartzen duena, oinarrizko arma da elkartuta dagoen etsaiari aurre egiteko

- Ibon Artola (EH Sozialistako kidea) Berriatik hartuta -


No hay comentarios:

Publicar un comentario