2009/03/27

Korrika euskal jaia

Korrika 16.a hastear dagoela, auzoan Euskal Jaia antolatzea erabaki
genuen. Data jartzerakoan ez ginen konturatu martxoaren 21a zubi bateko
eguna zela, beraz, jendea reklutatzea ez zen batere fazila izan.Hala ere,
31 lagun batu ginen euskarari geure elkartasuna adierazteko.
13:00etan jarri genuen zita eguerdiko poteoari ekiteko, eta Euskal Herrian
aski ezaguna den puntualitateari esker 14:00etan hasi ginen. Gutariko
batzuk Korrika petoa janztera ausartu ginen,baina ausartenak jertse barik
zebiltzanak ziren (zelako hotza!)
Trikitrixa eta panderoa berandu heldu zitzaizkigun nahiz eta lau
trikitrilari eta hainbat panderojole poteatzen ibili (koordinazio eskaxa
gurea!) Azkenengo potea behintzat, musikatua izan zen eta honi esker
sekulako emaitza ona jaso genuen!: Lupulo tabernan denetara gonbidatu
gintuzten! Mila esker!
15:30etan Kirruliko eskilarak jeitsi genituen sukaldariek prestaturiko
bazkari gozo gozoari ongi etorria emateko eta hura probatu ostean zera
esan behar dugu: ZORIONAK sukaldariei!zein gozo dena!
Koparekin batera bertsolariak animatu egin ziren eta kantutan hasi :
Onintza Enbeita eta Arkaitz Estiballesek barre bat baino gehiago eragin
ziguten.Ia denek izan zuten euren zirika razioa,oso ondo irentzita nola
ez!
Bukatutakoan musikariak euren tresna guztiekin agertu ziren entsaioak
hasteko eta justu Athleticen partidua hasitakoan lehenego notak entzun
genituen. Oso ondo, gazteok!jendeak dantzan gogotik egiten zuen Kirruliko
beheko aldean zuei esker!
10:30etan eguneko ospakizunari amaiera eman eta gehienok Deusturantz
abiatu ginen, bertako azken jai egunaz gozatzera.
Paregabea eguna! Giro euskaldunak Kirruli buzti zuen goitik behera eta
auzoko kantoi batzuetara ere euskara heldu zen egun batez. Harrotzeko
kontua gero! Eskerrik asko Korrika! Eskerrik Eskerrik asko Kirruli! Eta
eskerrik asko euskaltzaleok!

Aintzane Torre Dudagoitia

No hay comentarios:

Publicar un comentario