2010/02/04

EHEk eredu bakar eta euskaldunaren beharra aldarrikatu du



Aurrematrikulazio garaia aprobetxatuz, eta azaroan hasitako dinamikari jarraipena emanez, Bilboko EHEk hezkuntza eredu bakarra eta euskaldunaren beharra aldarrikatu du eskolak euskaldunduko badu.

Erakundeak gogorarazi duenez, 3 umetik 2 eskola euskararik jakin gabe bukatzen dute. Bereziki larria da A eta B ereduen kasua, hauetan euskararen ezagutza maila oso txikia delarik. Hala ere, Bilbon eredu hauek mantentzen dituzten hainbat eta hainbat ikastetxe eta eskola daude oraindik ere. Bere aldetik, Eusko Jaurlaritzak dagoeneko argi utzi du ez duela inolako asmorik euskara irakaskuntzan lehentasunezko hizkuntza izateko eta, are gehiago, eredu erdaldunak mantentzeko apustua adierazi du hasiera hasieratik, ikasleen euskara ikasteko eskubideari muzin eginez.

Auzo ezberdinetan egindako ekimenen bidez, gurasoei haien haurrak eskolan matrikulatzerako orduan A eta B ereduak baztertzeko eskatu die EHEk, izan ere hauen bidez haien seme-alabak Bilboko berezko hizkuntza ez ezagutzera kondenatuko dituzte, haien etorkizun eta bizitzari muga garrantzitsuak jarriz, eta Euskal Herri euskalduna berreraikitzea oztopatuz.

Santutxuko eskola ezberdinetan informazio orriak eta panelak jarri dira eta gurasoei ere zuzeneko informazioa eman zaie eskolen atarian, A eta B ereduen arriskuak azalduz eta haurren euskalduntzea gehien bermatzen duen ereduan matrikulatzera gonbidatuz, hau da, D eredua, benetan haur guztiak euskaldunduko dituen eredu bakarraren aldarrikapena alde batera utzi gabe.

Matrikulazio kanpaina dela eta, Uribarrin ere eredu euskaldunaren alde egin du euskal herrian euskarazek. Oraindik ere, Uribarriko hainbat ikastetxek, hala nola, Las esclavas, Maria inmaculada edo eta San Pedro Apostolek, ez dute umeen euskalduntzea bermatzen beste behin ere hizkuntza eskubideen kontra erasotuz. Horregatik gaurkoan euskalduntzearen aldeko apostua egitekon deia egin die auzoko euskal herrian euskarazek bertako gurasoei.

Eskolak euskaldundu behar du!

No hay comentarios:

Publicar un comentario