2009/04/01

autodefentsa feminista












Emakumeon aurkakako indarkeria, genero maskulino eta femeninoarengan eragiten duten baldintza sozio-kulturalen ondorioz, emakumeok sufritzen dugun indarkeria bezala definitu behar da. Horrela ulertuta, indarkeria sexista, egiturazko indarkeria dela esan beharra dago, emakumea gizonarekiko menpekotasun maila batean kokatzen duena.




Sistema patriarkal honek menpeko eta sumiso egin nahi izan gaitu urteetan zehar, menpekotasunaren rola, emakumeok barneratzen joanez eta horrek beldurra barneratuz. Emakumeok gizon baten babesa behar dugula errepikatu digute eta badirudi gure burua defendatzeko gai ez garela.




Gainera instituzioek arazo honen aurrean duten jarrera kezkagarria da. Alde batetik "berdintasunaren" diskurtsoa saldu nahi digute ezberdintasun egoerak normalizatuz, eta ondorioz, zapalkuntza mota desberdinak identifikatzea zailago bihurtuz. Bestetik, emakumeonganako indarkeriaren aurka ari diren kanpainek, emakumeok babes beharrean dauden gaixo baten ikuspegitik tratatzen gaituzte.




Argi dago ezin dugula gure segurtasun eta bizitza beste batzuen eskutan utzi, guri eragiten gaituen indarkeriarekin amaituko dutelakoan. Horregatik autodefentsa feminista beharrezkotzat jotzen dugu emakumeok gure bizitza eta gorputzaren jabe bihur gaitezen.




Baina, zertan datza autodefentsa feminista?




Indarkeriaren erroetara jo eta berarekin amaitzeko beharrezkoa den jokabide, jarrera eta tresna multzoa litzateke. Emakume askeak eta autonomoak izateko, gure buruarenganako ziurtasuna handitu eta gure gaitasunak garatu behar ditugu, jarrera matxistak identifikatu eta hauei erantzuteko gai baikara, eta honetan aritzea autodefentsa egitea da. Gaitasun honek, ordea, lanketa eta prestaketa sendo bat eskatzen dute, eta baita ere emakumeon artean hitz egitea , elkarrenganako elkartasuna izatea eta harremanetan jartzea.




Guzti honengatik funtsezkoa deritzogu Indautxuko emakumeok batzea eta harremanak sendotzea, gure auzoko egoerari buruzko hausnarketa bat egiteko eta eraso sexistek merezi duten erantzuna izateko.




Horretarako Apirilaren 4rako deialdia luzatzen diegu auzoko emakume guztiei Indautxuko Kirruli Kultur Elkartera arratsaldeko zortzitan bertaratu daitezen. Euskal Herri feminista bat eraikitzeko bidean…




Gora borroka feminista!

No hay comentarios:

Publicar un comentario