2010/11/30

Abenduaren 3an, euskeraren eguna



BILBOKO EUSKALGINTZAK BIGARREN URTEZ EUSKARAREN EGUN HERRIKOIA ANTOLATU DU ABENDUAREN 3AN


Iazko bide beretik jarraituz, Bilboko euskalgintza eta kulturgintzako hainbat eragile eta taldek bigarren urtez euskararen egunaren antolakuntzari ekin diote, aurtengoan ere administrazioek euren burua zuritzeko egiten dituzten ekitaldi instituzionalen aurrean egun hau izaera herrikoieko aldarrikapen eta jai egun bihurtuz.

Honela, euskaraz bizi nahi duen herri baten aurrean administrazioen utzikeria eta oztopoak salatuaz batera, jai giroan gure hizkuntza nazionalaren nazioarteko eguna ospatzera deitu dituzte bilboko biztanleak "EUSKARA JANTZI ETA ERABILI" lelopean, horretarako egun osoko egitaraua prestatuz.

Antolatzaile eta laguntzaileen artean AEK, Euskal Herrian Euskaraz, Zenbat Gara, hainbat konpartsa (Abante, Algara, Hau Pittu Hau, Altxaporru...), 7 katu, Sortzen Ikasbatuaz, EHBE, Berbaizu, Euskarri, Ttanttaka, Bilbo hiria irratia, Gaztedi, Ximelgorri aisialdi taldea eta Bilbao Musika Eskolako ikasle eta irakasleak topa ditzakegu.

Egitaraua:
- 12.00 EHEk deituriko kontzentrazioa izango da udalean "Bilbo euskalduna orain! euskararen ordenantzak onartu!" lelopean.
- 17.00 Umeentzako jolasak (puzgarriak eta tailerrak) Plaza berrian
- 19.00 euskararen pregoia euskaltzaindiatik, athletikeko nesken eskutik. Bertan abesbatzak, musikariak, bertsolariak... egongo dira.
- Ondoren, kalejirak alde zaharretik: gaztetxea, bilbo kantari eta konpartsak. Ekarri kamiseta!
- 22.00 Bertsorastafaria 7katun



Abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna

Urte asko pasatu dira Argentinako diasporako euskaldunek 1949an lehen euskara eguna antolatu zutenetik. Aurten, urtero bezala, hamaika ospakizun izango dira munduan zehar diasporako euskaldunek antolatuta eta munduko bazter horietan guztietan ezezik, Bilbon ere kalera irtengo gara euskara jantzi eta erabili lelopean. Zoritxarrez, oraindik ez gaitezke ospakizun hutsetara mugatu harik eta etxean, kalean, lanean, aisialdian eta udaleko plenoetan ere euskara normaltasun osoz jantzi eta erabili arte. Nork bere ardura hartu behar du. Administrazioek ere, Bilboko Udalak kasu, artez egin behar dute jostun lana neurri egokiak hartuz, behar besteko laguntza emanez eta benetako normalizaziora eramango gaituen sustapen lana eginez. Bestalde, euskaldunok egunero jantzi beharreko jantzia dugu euskara, ez okazio berezietan soilik; eta, bide batez, armairuan begiratuta, jantzirik ez badugu, edo daukaguna eskasa baldin bada, euskaltegira hurbiltzea daukagu.

Eta horren harira gatozkizue Bilboko Plaza Barrian eta Zazpi Kaleetan aurtengo Euskararen nazioarteko Egunerako antolatu dugun ekitaldiaren berri ematera. Gure eta nahi duen ororen egunerokotasunaren isla izango den ekitaldi xumea:

Arratsaldeko bostetan hasita, umeentzako puzgarri eta jolasak izango dira; zazpietan musikaz beteko dugu Plaza Barria. Zazpi eta erdietanEuskaltzaindiaren egoitzatik aurtengo “Euskararen Pregoia” entzuteko parada izango dugu Athletic-eko jokalari eta euskararen sustatzaile denKoikili Lertxundiren eskutik. Bien bitartean bertsolariak, Bilboko zenbait abesbatza, dantzari eta musikari ere bertan izango dira. Ondoren, 3 kalejiratan banaturik, jai giroa izango dugu Zazpi Kaleetan barna. Amaitzeko, gaueko hamarretan BertsoRastAfaria izango da 7 katun.

No hay comentarios:

Publicar un comentario