2012/01/14

Txillardegi gogoan

Txillardegiren itzala oso luzea da Euskal Herriko politikagintza, hizkuntzalaritza eta literaturan. ETAren sortzaileetako bat izan zen, eta Altsasuko mahaiaren, Herri Batasunaren eta Aralarren sorreran ere parte hartu zuen.

Gaztaroan hasi zen Txillardegi gazte mugimendu abertzalean, eta Euskal Herriaren eta euskararen alde borrokatu zen. Gurasoek ez zioten euskara irakatsi, baina bere kabuz ikasi zuen 19 urterekin. 1948an Bilbora joan zen ingeniaritza ikastera, eta Ekin sortu ostean, 1959an ETA sortu zuen beste batzuekin batera, eta zuzendaritzako kide bihurtu zen, kultura adarrean.

1961ean erbesteratu egin zen, eta Frantzian eta Suitzan bizi izan zen. Baionan Euskal Idazkaritza sortu zuen, euskaltzale batzuekin batera. Euskara batuaren sorreran ere ezinbestekoa izan zen Txillardegi; Krutwig eta Mitxelenearekin batera, hura izan zen bultzatzaile nagusienetakoa.

Baionan abiatutako elkarlanaren ondorio, ortografian eta morfologian oinarrizko arau batzuk adostu zituzten euskara baturako, eta 1965ean agiri batean argitaratu zituzten. Proposamen gehienak geroago Euskaltzaindiak onartu zituen Arantzazuko Batzarrean. Euskaltzain urgazle zen 1957tik, eta Euskaltzaindiko Ahoskera Batzordeko kide zen, 1993an batzorde hori sortu zenetik.

Haren idazle ibilbidea ere oparoa da, eta euskal literaturan berrikuntza nabaria ekarri zuen Leturiaren egunkari ezkutua eleberriarekin; hori hartzen da euskal nobelagintza modernoaren sorreratzat. Jesus Mari Lasagabaster euskal literatur kritikari aitzindariak eman zion Leturia-ri lehen euskal nobela modernoaren izendapena edo titulua. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario