2011/12/12

Mobilizazio eredu berrien inguruko hausnarketa

(Gaur8tik hartua)

Nork dio aldarrikapena eta irudimena bateraezinak direla? Teknologien berrikuntzak eta sare sozialen eztandak mobilizazio ereduen eraldaketa sakona ekarri dute gurera. Esparru birtuala mendean hartzeko xedea duten protesta ereduek aurrea hartu diete ohiko manifestazio eta elkarretaratzeei. Horrenbestez, apurka-apurka mobilizazioen modernizazioaren testigu bilakatzen ari gara gurean ere.

Arnasa hartzeko «flash mob» erraldoia

Gipuzkoa Zero Zabor ekimenak bi mila lagun inguru jarri zituen dantzan pasa den martxoaren 20an. Zubietako errauste plantari ezezko ozen eta mugitua agertzeko helburua zuen dantza eta ikus-entzunezko teknologiak uztartzen dituen flash mob mobilizazio eredua jarraituz egindako ekitaldiak. Lady Gagaren “Bad romance” abestia bozgorailuetan, birziklatzearen aldeko eta errauste plantaren aurkako mezuak ahotan, Zubietako eta inguruko herritarrak jarri zituzten dantzan. Bitartean, elizako kanpandorrean, frontoiko paretan eta airezko zepelinean hamaika kamera zeuden jarrita aldaka mugimendu guztiak grabatzeko.
Koreografia ikasteko makina bat entsegu egin ostean, ia bi mila lagun elkartu ziren dantzarako gogoz. Hesitik begira geratu zirenak ere ehunka izan ziren. Ondoren, Internet bidez, 34.984 herritarrek ikusi dute errauste plantaren aurkako flash mob aparta. Oraindik ere ikusgai dago.

Debekuen aurka, gizalegez, musukatuz

Espazio publikoa, eta, beraz, hiritarren jokabideak, arautzeko joera agertu dute azken urteotan gure hirietako agintariek. Debekuz betetako udal ordenantzen bidez eragozpen ugari jarri dituzte eta jendaurrean musu ematea edo alkohola edatea bezalako ekintza arruntengandik isun gogorrak jaso dituzte herritarrek. “Gizalegearen” izenean idatzitako arauek ezkutuan eskubide urraketak dakartzatela deritzote herritar ugarik, eta, horiekin asaldatuta, umorea lagun, udal ordenantzei aurre egiten ahalegindu dira gau eta egun.
Bilboko askotariko gizarte eragileek osatutako Kalea Guztiona Da ekimenak, arautegia eskuan Santo Tomas bezalako jai herrikoi eta jendetsuak ospatzerik ez litzatekeela egongo agertarazi zuen iaz modu parodikoan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario