2011/07/09

“Jolastu parkean” haurrei zuzendutako udako programa bertan behera gelditzea salatzen du Bilduk




40.000 euro balio zuen programaren ezabatzeak 25.000 pertsonari kaltetuko dio
Iaz arte Euskara, Gazteria eta Kirola sailak antolatutako “Jolastu parkean” haurrei zuzendutako udako programa bertan behera gelditzea salatu du gaur Bilduren Bilboko Udal taldeak.  Hiru eta hamabi urte arteko ia 25.000 pertsonari kaltetuko dio aipatutako neurriak. Azpimarratu behar da programa horren aurrekontua 40.000 eurora ez zela heltzen.
Hiru urtetik aurrerako Bilboko haurrentzako alternatiba ludiko-hezitzailea gisa aurkezten zuen Udalak “Jolastu parkean” programa. Jarduerak uztaileko lehenengo hamabostaldian burutzen ziren kalean, Bilboko lau gune desberdinetan: Doña Casilda parkean, Eskurtze parkean, Zorrotzan eta Areatzan. Tailerretan euskara zen lehentasunezko komunikazio tresna. Programaren iazko aurrekontua 39.482,76 eurokoa izan zen.
Bilduk Ibone Bengoetxeari eskatzen dio aipatutako programa bertan behera uzteko arrazoiak azal ditzan. Honetaz gain, “Jolastu parkean” programa berriro martxan jartzea eskatzen dugu ere.
Ez dugu onartzen krisiaz baliatzea 40.000 eurora heltzen ez zen programa bat kentzeko. Are gutxiago, “herritarren artean arrakasta handia” zuela ikusita, iazko arduradunak esan zuen moduan. Ezin ahaztu, 2009an 24.822 pertsonak parte hartu zuela programan.
Alondegirako 6 milioi euro edota ekimen pribatua den Espainiako Itzulirako 120.000 euro bideratzen duen Udala haurrentzako programazio minimo bat bermatzeko gai ez izatea deitoratzen dugu. Azpimarratu nahi dugu ere euskara lehenesten duten halako programak oso baliagarriak zirela hizkuntzaren normalkuntzan.
Ia 500 milioi euroko aurrekontua duen Bilboko Udalak 40.000 euro erraz bidera dezakeela haurren aisialdirako, uste dugu. Borondate politiko besterik ez da falta.   

No hay comentarios:

Publicar un comentario