2014/03/04

www.uriola.info, proiektu berria Bilbon martxan

Bilbon informazioa euskaraz, digitalean eta auzolanean zabaltzen duen hedabide baten falta zegoela ikusita uriola.info sortu dugu BERTON, PREST! eta BILBO HIRIA IRRATIAk TOKIKOMen laguntzarekin; betiere beste euskarazko hedabideei ateak zabalduz. Horrela komunikabideetan ahotsik ez duten Bilboko auzo, elkarte, talde, eragile eta abarren ekintzak ez dira ezerezean geldituko jendearengana heldu ezinik.


Uriola.info hedabide bat baino askoz gehiago da; plataforma bat. Bertan, Bilboko euskarazko hedabide ezberdinen informazio bateratua kontsumitu ahalko dugu eta hori gutxi balitz, hiritarrek parte hartzeko eta informazioa helarazteko aukera zabala izango dute.

Bi modu daude horretarako, erabiltzaile bihurtzea edota plataformako kide izatea. Erabiltzaileek albisteetan euskara hutsezko erantzunak emango dituzte eta kideek aldiz, argazkiak, artikuluak, iruzkinak zein bestelako edukiak sortu ahalko dituzte. Norbanako bakoitzak erabakiko du kide edo erabiltzaile izango den.

Erabiltzaileek plataforman bertan toki pertsonalizatua izan dezakete, profill bat; blog pribatua baina zabalkunde publikoarekin.

Erabiltzaileei, behar izanez gero, uriola.info-ren erabilera azalduko zaie ikastaro txiki baten bidez edo argibide orri bat helaraziz.

Beraz, uriola.info-k informazio emari ezberdinak izango ditu.
1. Zuk (zuek) sortutakoa. Norbanakoek euren kabuz bilbotarrei helarazi nahi dieten informazioa.
2. Uriola.info-k sortuko duena. Bilbon ematen diren prentsaurreko, ekitaldi, egitasmo eta berrien zabalkundea.
3. Kanpo blogak eta web orrialdeak. RSS bidezko lotura izango dute uriola.info-rekin.
4. Bilboko euskarazko hedabideen informazio jarioa. Bilboko hedabide ezberdin ugari dira uriola.info sortzen dutenak eta horien guztien informazioa plataforman kontsumitu daiteke zuzenean. Adibidez, BERTON eta PREST! aldizkariek eta BILBO HIRIA IRRATIAk argitaratutako oro.
5. Sare sozialetatik (Facebook eta Twitter momentuz) datorren informazioa.

Nortzuk dira kideak? Nortzuk erabiltzaileak?
· Erabiltzaileak. Izena edo ezizena eman osteaz, argitaratutako albisteetan erantzuteko aukera izango duzu, baina bestelako edukirik gehitzeko aukerarik ez duzu izango.
· Kideak. Izen-abizena duten erabiltzaileak dira, anonimoak ez diren norbanako edo taldeak. Horiek, argazkiak, artikuluak, iruzkinak eta bestelako edukiak gehitzeko aukera izango dute, baita erantzunak emateko ere.

Zer egin kide egiteko eta edukiak gehitzeko?
· Sare Sozial bidez. Sortu zure erabiltzaile profila eta, ondoren, lotu kontu hori sare sozial batekin (Facebook edo Twitterrekin, momentuz). Sare sozial horietan kontua baduzu, automatikoki agertuko zara `kide´ moduan sare horretan dituzun datuekin (argazkia eta izen-abizenak).
· Kide izaera eskatuta. Bete uriola.info-n, Sartu atalean, zure datuak: izen-abizenak, biografia... eta igo zure argazki bat. Ondoren, zure profilean eskatu uriola.info-ri kide izaera. Kudeatzaile batek ziurtatuko du benetako datuak eman dituzula eta eskaera onartuko dizu. Hortik aurrera, zure iruzkinak, argazkiak, bideoak... edo zure kanpoko bloga uriola.info-ra lotzeko aukera izango duzu.

Behin izena emanda edozer esan dezaket?
Ez, noski. Gogoratu arau sinple hauek:
· BAT. Uriola.info-n parte hartzeko erregistratu beharra dago. Alegia, erabiltzaile bihurtu.
· BI. Erantzunetan edo bestelako ekarpenetan, uriola.info-k akusazioak eta irainak ez ditu onartuko. Halakoak baleude, uriola.info-k kentzeko eskubidea dauka.
· HIRU. Testua euskaraz idatzi behar da. Bestela, uriola.info-k kendu egingo du.

No hay comentarios:

Publicar un comentario