Zalantzarik ez dagoela diost,
ez dudala birritan pentsatu behar,
dirua banku honetan sartu behar dudala,
dirua “etxean” geratzen dela,
“gure” banku batean, alegia,
konplizitatea bilatzen duen irribarre batez.
Baina morroi trajedun honek ez daki,
edo ez du jakin nahi,
aberria, Igorretakoak esan zuen bezala,
hautatu egiten dela,
eta nik ez dudala banku hori aberkidetzat jotzen,
ez Athleticen koloreak,
ez Begoñako andramari izeneko egur margotua,
ez hiri honi harro begiratzen dion
Lopez de Haro mertzenarioa,
ez protestaka ari den agureari indarrez oratzen dion
txakurra,
eta are gutxiago Botereari ipurdia miazkatzen diotenak.
Ziega batean bihotza gelditu zitzaion Kirruli,
gose greba batean hil zitzaigun Crespo Galende ahaztua
eta halakoak gogoratzen ditut halakoetan.
Nire zauriak
nire ametsak
dituztenak
dira nire aberkideak
Paddy Rekalde. "Bilbo dub kronikak". Susa
No hay comentarios:
Publicar un comentario