Alternatibak, Aralarrek, EAk eta ezker abertzaleak beren proposamen sozioekonomikoa aurkeztuko dute larunbatean, EHUren Bilboko Paraninfoan.
Ezkerreko lau alderdi soberanistek azpimarratu dute badagoela
irtenbidea Bizkaia jasaten den krisi ekonomiko eta sozialetik
ateratzeko, eraldaketa sozialean eta burujabetzan oinarritutako
irtenbidea.
Alternatibak, Aralarrek, Eusko Alkartasunak eta ezker abertzaleak
larunbat honetan egingo dute proposamen sozioekonomikoaren aurkezpen
publikoa. Proposamen horretan jasotzen dira Euskal Herriak bizi
duen “krisi ekonomiko, sozial eta baloreetako larritik irteteko
irizpideak eta ideiak”. Aurkezpen publikoa EHUren Bilboko Paraninfoan
egingo da, eta bertan lau alderdietako ordezkariek parte hartuko dute.
Ezkerreko lau indar soberanistek uste dute badela irtenbidea bizi dugun krisi egoeratik irteteko, baina irtenbide hori ez dela etorriko “ezartzen ari diren austeritate neurriekin edo urteetan, borroka sozialaren bitartez, lortu diren eskubide sozial eta laboralen murrizketen bitartez”.
Horretarako, administrazio ezberdinek ezarri dituzten politika sozial
eta ekonomikoen alternatiba izango den proposamena landu eta praktikan
ipini beharra dagoela uste dute, eta horretara dator prestatu duten
Proposamen Sozioekonomikoa. Proposamen hori hainbat eragile sozial eta
ekonomikorekin partekatzen ari dira, haien ekarpenak jasotzeko
helburuarekin.
No hay comentarios:
Publicar un comentario