2013/09/02

Asteazkenean Herritarron epaia Bilbon

197/2006 doktrinaren kontrako Herritarron Epaia azken txanpan da. Aste honetan, Herrirak bi ekitaldi antolatu ditu alderdi, sindikatu eta eragile sozialen ekarpenak biltzeko. Lehenbiziko hitzordua asteazken honetan da, Bilbon, 19:00etan, Kafe Antzokian, eta bigarrena Iruñean, ostiralean, 19:00etan, Sarasate pasealekuan.

Eragile askok adierazia dute ekitaldietan egongo direla, eta haietako bakoitzaren ordezkariak bere ekarpena egingo dio Herritarron Epaiari. Bestetik, Bilboko ekitaldian 197/2006 doktrinaren kontrako film labur bat aurkeztuko da. Filmaren zuzendaria Gotzon Sanchez da, eta Oihana Maritorena, Eñaut Gantxegi, Itziar Rekalde eta Carlos Olalla madrildarra dira aktoreak. Horrez gain, Josu Bergara abeslariaren emanaldia izango dugu bertan.

Herritarron Epaia koaderno handi bat da, uda honetan Euskal Herriko bazterrak bisitatzen ari dena 197/2006 doktrinaren kontrako aportazioak biltzeko. Ibilbidearen azken plaza Iruñeko Anaitasuna kiroldegia izango da, irailaren 14an. Sorpresaz betetako ekitaldia antolatu du Herrira-k, eta, bertan, jendaurrean emango du bere epaia Europako erakundeei bidali baino lehenago.

Ekimen honen bitartez –Inés del Ríoren errekurtsoari buruz Europako Giza Eskubideen Auzitegiak hemendik gutxira emanen duen epaiaren harira antolatua–, Herrira-k aditzera eman nahi du kasu honetarako epaia emana dagoela. Epaiak badu alde juridiko bat, 2012ko uztailean Estrasburgoko epaian aho batez adierazia, baina, batez ere, badu alde soziala ere, gehiengo politiko, sindikal eta sozialarena, garbi eskatu baitu giza eskubideen errespetua eta 197/2006 doktrinaren indargabetzea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario