2009/12/30

DIRU PUBLIKOA GUZTION ONURARAKO



KONTZENTRAZIOA
  • Asteazkena 30
  • 11:30etan
  • Udaletxeko eskaileretan

Auzoak, inbertsioa, euskara, emakumea eta laguntza soziala izan dira arlorik kaltetuenak Udalaren aurrekontuan

Ezker abertzaleak aurkeztutako zatikako 27 zuzenketak asteazkeneko Udalbatza ez demokratikoan eztabaidatuko dira

Aurrekontuak behin behinean onartu zituztenean udal agintariek krisia gainditzeko aurrekontuak zirela aipatu zuten. Ezker abertzaleak datorren urterako aurrekontuak aztertu ditu eta ondorengo ondorio honetara heldu da: Onartu dituzten aurrekontuek betikoei soilik ekarriko dizkietela onurak, hau da, poltsikoak beteta dituztenei.

Kaltetuenak auzoak izango dira, auzoetan obrak egiteko aurreikusten den dirua 3,22 milioi euroan gutxituko baita (%45 azkeneko bi urte hauetan). Inbertsio errealak %32,60 murriztuko dira. Euskara suspertzeko hitzemandako partidak ez dira inondik agertzen. Emakumea, laguntza soziala, kultura eta auzoetako jaiak, berriro ere, kaltetuak suertatuko dira.

Handitzen diren diru-partida bakarrak "segurtasuna" eta azpikontratazioa dira.

Ezker abertzaleko udal taldeak zatikako 27 zuzenketa aurkeztu ditu. Guztiak abenduaren 30ean, asteazkenean, egingo den Udalbatza ez demokratikoan eztabaidatuko dira.

Mobilizazioak:

  • "Diru publikoa guztion onurarako" lelopean mobilizazio bat antolatu du ezker abertzaleak: asteazkena 30, goizeko 11:30etan udaletxeko eskaileretan.

Auzoak

2008rekin alderatuta inbertsioa %45 murriztuko da (44 milioitik 24ra pasatuko da)

Ezker abertzaleak 30 milioi € erabiltzea eskatzen du. Honetaz gain, barruti bakoitzeko 2,5 milioi euro inbertitzea obra eta zerbitzuetarako eta kopuru horri beste 15 miloi € gehitzea beharren arabera banatzeko.

Kultura auzoetan

2008rekin alderatuta inbertsioa %50 baino gehiago murriztuko da (406.735 € auzo guztietarako)

Ezker abertzaleak barruti bakoitzerako 500.000 euroko kultura partida berezia sortzea eskatzen du.

Euskara

Kontseiluak eskatu duenez, instituzioek aurrekontuaren % 2 erabili beharko lukete euskararen sustapenerako eta erabilerarako.

EAJk eta EBk % 0,34 soilik erabiliko dute horretarako. Euskara ikasteko diru-laguntzak %19 murriztuko dira.

Ezker abertzaleak euskara bultzatzeko eta suspertzeko aurrekontuaren %3 bideratzea eskatzen du, Bilbo euskalduntzeko Plan Estrategikoa, behingoz, definitzeko eta garatzeko.

Emakumea

Emakumeak biztanleria erdia izanik, EAJk eta EBk aurrekontuaren % 0,17 soilik bideratuko diete.

Ez dute inolako partidarik bereizi III. Berdintasun Plana garatzeko.

Ezker abertzaleak arlo honetarako partidak hamar aldiz handiagotzea eskatzen du.


Pribatizazioa-azpikontratazioa

Inoizko dirutzarik handiena jasoko du datorren ekitaldian: 133 milioi euro.

Konfiantzako kargudunak

EAJk eta EBk emakumeari, euskarari eta etxebizitza-eskubideari batera emango dieten baino diru gehiago ordainduko diete konfiantzako 79 karguduni.

Herritarren parte-hartzea

Udalbatzako Araudi Organikoko 96. artikulua: Udalbatzan eztabaidatu aurretik, aurrekontu orokorra barruti guztietan eztabaidatu behar da. EAJk eta EBk uko egin diote hala egiteari.

Beste zuzenketa batzuk:

  • Urtero kiroldegi berri bat zabaltzea, auzo guztietan kiroldegia izan arte
  • Etxebizitza duin batean bizitzeko eskubidea bermatzea
  • Gizarte laguntzarako laguntza bereziak
  • Tratu txarren biktimentzako laguntza bereziak
  • Urtero lau haurreskola berri zabaltzea, auzo guztietan haur eskola egon arte eta egun dagoen jantoki zerbitzu doakoa mantentzea.
  • Auzoetako jaietarako laguntza (2 € biztanleko)

No hay comentarios:

Publicar un comentario