2010/02/15

Ezker Abertzalearen prentsa oharra



Asteburu honetan Ezker Abertzaleak Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako Herrialdeko Batzarrak bildu ditu. Azken hilabeteotan Ezker Abertzalearen eztabaida burutu duten 270 herrien ordezkari gisa 600 militante inguruk hartu du parte Herrialdeko Batzarretan.
Estrategia politikoa zehaztu eta erabakitzeko Ezker Abertzaleak burutu duen eztabaida amaitutzat eman da Herrialdeko Batzarrak burutzearekin batera.
Herrialdeko Batzarretan Euskal Herriko egoera politikoaren inguruko hausnarketa burutu du militantziak, eta eztabaida prozesuaren balantzea egitearekin batera, 2010erako Ezker Abertzalearen plangintza politikoa definitu da. Azkenik, Herrialdeko Batzarrek “Zutik Euskal Herria” ebazpena1 berretsi dute. Ebazpen horrek Ezker Abertzalearen eztabaidaren ondorioak eta apustu politikoa barnebiltzen ditu. Ondorengo hauek dira ebazpenaren eduki azpimarragarrienak:
1. Euskal Herria, Prozesu Demokratikoaren bidez, aldaketa politikoaren fasera bideraturik dago. Hau da, aldaketa politikorako baldintzak sortu ostean, aldaketa gauzatzeko garaia iritsi da. Ondorioz, fase politiko honen helburua aldaketa politiko hori burutzea da, gure herrian proiektu politiko guztiak defendagarri eta gauzagarri izateko oinarri nahikoa izango duen marko demokratikoa eskuratuz. Horrela bake iraunkor eta egonkor bat lortuaz Euskal Herriarentzat. Aldaketa gauzatzeko erronka barneratzeak geure burua aldatzea ere eskatzen du.
2. Ezker Abertzalearen iritziz, aldaketa erreal baterako aukera, egungo zikloa gainditu eta ziklo demokratiko bat irekitzeko aukera zabal-zabalik da. Hamarkadotako lana, esfortzua eta borrokaren bidez zabaldutako ate hori zeharkatu eta aldaketa politikoa gauzatzea da orain erronka. Badago horretarako nahikoa baldintza.
3. Soilik bide eta bitarteko politiko eta demokratikoak erabiltzearen konpromisoan berresten
gara. Bitarteko horiek dira Prozesu Demokratikoaren abiatze eta garapenaren berme,
motor eta trakzio ardatza izango diren herri aktibazio eta indar demokratiko eta
aurrerakoien ekintza batasuna posible egingo dutenak. Prozesu Demokratikoa indarkeri eta esku-hartzerik gabe garatu beharko da, indar politikoen arteko elkarrizketa eta negoziazioa Mitchell Senatariaren printzipioen arabera arautuz.
4. Soilik masa borroka, borroka instituzionala eta borroka ideologikoaren bidez lorturiko
indar metaketa zabala da Estatua ideia eta proiektu politikoen konfrontazio askera
eramateko oinarria, eta horren bidez euskal herritarrek euren etorkizunaz erabakiak era libre, baketsu eta demokratiko batean hartuko dituzten agertokia sortzeko modua. Guzti honegatik dei egiten diogu euskal jendarteari, eta baita indar aurrerakoi, demokratiko eta herritarrei, norberaren historia, izaera eta izatea mantenduz eta errespetatuz, prozesu hau atzeraezin bihurtzeko indarrak batzera. Era berean, dei egiten diogu nazioarteko komunitateari prozesu hau lagundu dezan.
Bidea hau denaren konbentzimendu osoa dugu eta elkarlanaren eta herri aktibazioaren bidez, prozesu hau atzeraezin egingo duten aurrerapen eta agertoki berriak sortuko dira
datozen hilabeteotan.
EZKER ABERTZALEA,
2010ko otsailak 15

No hay comentarios:

Publicar un comentario