http://independentistak.net/2011/03/13/argi-berdea-independentziari-aberri-eguna-2011/
2011-2012 agenda berdea
INDEPENDENTISTAK Sareko kideok 2010eko azaroan egin genuen Nazio Konferentzian erabaki genuenez, 2012. urterainoko epea oso garrantzitsua izango da independentziaren aldeko mugimenduarentzat, 2012a urte erreferentziala delako euskal estatua lortu nahi dugun guztiontzat.
Asmo honekin, 2011ko eta 2012ko Aberri Egunak independentziaren aldeko bultzada zikloan kokatzen ditugu. Eta bide honetatik, iraganeko erreferentziak, gure ibilbide historikoaren inguruko hausnarketa eta etorkizunerako gure proposamena uztartu nahi ditugu.
Gure iraganeko bi gertaera ekarri nahi ditugu gogora, gure herriaren imaginario kolektiboan izugarrizko garrantzia dutelako: Gernikako bonbardaketa eta Nafarroako konkista. Dakizuenez, 2012an, 75 urte betetzen dira Gernika bortizki erasotu zutenetik, eta 500 Nafarroa indarrez konkistatu zutenetik. Gure Herriaren aurkako inposaketa bortitza markatzen duten bi mugarri historiko, menperaketa, zanpaketa eta gure burujabetzaren deuseztea adierazten duten bi gertakizun.
Eta, bi aipamen historiko hauetatik abiatuta, inoiz ez berriro! esan nahi dugu, horrelako gauzak inoiz ere gerta ez daitezen, inork ez dezan inoiz ere gure herria bonbardatu edota indarrez erasotu. Eta horretarako, garbi dago gure alternatiba: independentzia.
Atzean utzi behar dira erasoak, konkistak eta menpekotasuna. Gure herriak bere buruaren jabe izan behar du, aukerarik onena hautatuz, hau da, independentziaren bidez, bere estatua eraikiz. Hau da iraganeko zama horiek gainditzeko modua, hau da ezarritako kateetatik askatzeko bidea.
Gainditu nahi dugun egoera ilunetik independentziaren argi berdera pasa behar dugu eta 2011-2012 zikloan urrats handiak eman nahi ditugu bide horretan.
Aberri Egunerako deialdia
Aurtengo eta datorren urteko Aberri Egunak deitzen ditugu gaurko agerraldi honen bidez. Aurtengoa, Euskal Herriko bi puntutan deituko dugu, Gernikan eta Baigorrin, eta hurrengo urtekoa, Iruñean. 2011 eta 2012, Baigorritik eta Gernikatik, Iruñera. Gernika, gure askatasunaren ikurra, Baigorri, nafar lurralde batasunaren ikurra eta Iruñea, Nafarroako Erresumako eta Euskal Herriko hiriburua, lotu nahi nahi ditugu bi urte hauetan.
Denbora izango dugu, jakina, 2012ko deialdiaz hitz egiteko. Aurtengoari dagokionez, “Argi Berdea Independentziari”izango da leloa , hau da, euskal nazioa aitortu eta independentziarako, askatasunerako, duen eskubide demokratikoa errespetatzeko exigentzia.
Aspaldi hasi ziren Baigorriko Basaizea Elkarteko kideak Nafarroaren Eguna antolatzen. Beti apirileko azken igandean ospatu izan da eta, dagoeneko, erreferentzia handiko eguna da Nafarroa Behean zein Garaian eta, orohar, Euskal Herri osoan.
Aurten, inoiz ez bezala, egun berean dira Nafarroaren Eguna eta Aberri Eguna eta, honenbestez, izugarrizko aukera ederra bilakatu dira bi deialdi hauek gure naziotasuna aldarrikatzeko eta Nafarroak izan duen eta duen erreferentzialtasuna aldarrikatzeko.
Basaizea Elkarteko kideekin adostu dugu beraiek antolatzen duten Nafarroaren Egunaren baitan geuk ere Aberri Eguna Baigorrin egitea, eta gaur beren jarrera zabal eta zintzoa eskertu nahi dugu, deialdi ezberdinen nortasuna bermatuz Aberri Egunerako eta Nafarroaren Egunerako hitzordu ederra prestatuko baitugu aldi berean Baigorrin eta Gernikan.
Gernikan egun osoko egitaraua burutuko dugu, eguerdian manifestaldi eta ekitaldi politiko nagusia izango da eta, ondoren, adarrikapenak eta jaiak bat egingo dute arratsaldean zehar, gauerarte. Eta Baigorrin, Nafarroaren Egunaren baitan egingo dugu eguerdian Aberri Egunaren ekitaldia, eta independentziaren aldarrikapena egun osoan kalean egon dadin bultzatuko dugu.
Beraz, Basaizea Elkarteko kideari hitza eman aurretik, gure aurtengo deialdia azpimarratu nahi dugu. Independentista guztiei deia luzatzen diegu aurtengo apirilaren 24an Gernikan eta Baigorrin antolatuko diren Aberri Egunaren ekitaldietan parte har dezaten, “Argi berdea independentziari” lelopean.
Aurten bat egiten dute Nafarroa Egunak eta Aberri Egunak datan eta deialdian. Batasuna eta askatasuna, Baigorri eta Gernika. Batean eta bestean kolore guztietako independentistak elkarturik gure Herriaren eguna ospatzeko aukera ezin hobea.
INDEPENDENTISTAK Saretik Euskal Herri osoa animatzen dugu Baigorri eta Gernika berdez jartzera eta era tinkoan erakustera 500 urte geroago, 75 urte geroago, Euskal Herria bizirik dagoela!, eta gaitera, bere askatasunaren sua behin betirako pizteko prest, independentziaren argi berdea pizteko prest. Argi berdea independentizari!
No hay comentarios:
Publicar un comentario