2013/05/02

Adierazpen askatasunaz

Askotan aipatu dudan anekdota etzidamu ziur asko errepikatuko da: Maiatzaren Lehena, istiluak Berlingo Kreuzbergen. Ehunka polizia (pilotak guztiz debekatuta), kargak tarteka, manifestarien harri eta botila jaurtiketak. Atxilotu dute gazte bat, eta nirekin zegoen kameralaria ziztu bizian joan da harantza. Mutila atxilotuta daukan poliziarengandik metro batera dago grabatzen. Eta agentea bera da burua jiratzen duena, irudietan ez agertzeko. Otu ere ez kameralariari hitz erdirik esatea, hain gutxi lana nondik egin behar duen edo non kokatu behar den gori-gori den egoera grabatzeko. 

Akreditazioa, bakoitzak berea, noski, ezer agerian eramateko beharrik gabe. Euskal Herrian, udaltzain batek ere esana dit kamera itzaltzeko, etxeko atari bat grabatzen ari ginela parean egokitu zelako. Askegunean gertatutakoak dimisioak ekarriko lituzke Alemanian, eta poliziak auzipetzea. Eta, hala ere, badu pozgarritik Lander Arbelaitzi jazotakoak: duela hamar urte nekez gaindituko zuen bizpahiru hedabideren oihartzuna. Euskal PENekook izan ginen salatzen lehenak, hura gertatu zen ostiralean bertan, Arbelaitzek berak zabaldutako irudi nahasiak ikusi eta berehala. Ezagutzen ditugulako, bai Lander bai gurean dabiltzan poliziak. 

Beste batzuek bizpahiru egunera egin zuten, erasoaren bideo editatuak isiltasuna halabeharrez hautsarazi zienean. Ostiralean prentsa askatasunaren eguna izango da, eta bazterrotako elkarteek munduko kazetari espetxeratuen berri emango dute. Baina ez dituzte aipatuko Teresa Toda, Jabier Salutregi eta Egin-eko langile giltzaperatuak, bost urte baino gehiago honezkero preso. Hain gutxi Ernairen webgunea ixteko agindua; hor ere terrorismoa goratzearen komodina darabilte. Argi esan dezagun: etakide bat goratzea —edo ETA bera— maila politiko edo moralean izan liteke kritikagarri, mingarri ere bai batzuentzat, baina adierazpen askatasunak hori zigortzea eragozten du Europako edozein herrialdetan. Eta Euskal PENen berdintsu salatu ditugu Egunkaria-ren itxiera, Egin-eko lagunen atxiloketak, kazetari mehatxatuak, ETBren aurkako atentatua edo Apurtu.org-ren aurkako operazioa.

(Urtzi Urrutikoetxea; Berria)

Ertzaintza Lander Arbelaitz kazetariaren aurka:

No hay comentarios:

Publicar un comentario