2012/02/25

Isiltasuna, bisitari berria

Bilboko Casilda Iturrizar parkean saskibaloian jokatzeko aukera kendu dutenetik, gazte kuadrilla gutxiago biltzen dira. Zaratan ere antzematen da. (Iturria: Berria)

Bilbon dagoen parke ezagunetakoa da Casilda Iturrizar parkea. Haur, gazte, heldu zein erretiratu ugariren bilgunea da. Batzuk lagunekin pasieran, edo jolasteko asmoz, gerturatzen dira. Beste zenbait, berriz, bakarrik edo animaliekin batera joaten dira. Leku lasaia bada ere, azken urteetan eztabaida eta kexu ugariren iturria izan da. Kale Nagusiko auzokideak maiz joan dira udaletxera, parkean zeuden saskibaloi jokalekuetan ibilita gazteek sortutako gehiegizko zarataz kexu. Baina, bertako iskanbila hiriko beste txoko batzuetakoen antzekoa dela dio Zuriñe Vivas bilbotarrak. «Nik hiriburuko beste toki batzuetan entzun daitekeen zarataren parekoa antzematen dut hemen, ez gehiago ez gutxiago».

Saskibaloi kantxak kentzeak parkearen itxuran eragina izateaz gain, jendearengan ere izan du. Gazte gutxi ikusten dira jolasean, eta haien algarak eurekin batera desagertu dira. Urmaelaren inguruan, berriz, eguraldi ona baliatuta, erretiratuak pasieran dabiltza ohiturari jarraituz. Lehen nerabeek eragindako freskotasun giroa ez da ikusten Casilda Iturrizarren. Orain isiltasuna nagusi da Bilboko parke ezagunean.

Bizilagunen aurreneko arrangurak 2004an hasi ziren. Hurrengo urtean salaketa jarri, eta epaitegiko bidea hartu zuen auziak. 2009. urte hasieran Bilboko epaitegiak auzotarrei arrazoia eman zien «atseden eskubidea» argudiatuta. Horri jarraiki, saskibaloi jokalekua kentzeko lanetan hasi ziren udaleko langileak. Vivesek dio lehen gazteak kirola egiteko aitzakiarekin biltzen zirela. Egun aukerarik ez dutenez, askoz gutxiago dira Casilda Iturrizar parkera doazen nerabeak. «Saskibaloian jokatzeko debekua jarri zutenetik ez dira hainbeste nerabe ikusten. Orain urte batzuk, lagunen artean txapelketak antolatu, eta ordu asko ematen zituzten jokatzen».

Epaileak esandakoarekin ados ez zeudenez, Bilbao Kirolak izeneko udaleko sailak helegitea jarri zuen. Horiek horrela, epaileak 2010eko udaberrian azken epaia eman zuen. Bertan, zarata gutxiago sortzen zuten gainazalekin probatzeko baimena eman zion udalari. Baina ez zuten lortu esperotako emaitza. Ondorioz, udalak saskibaloi kantxa behin betiko kentzeko erabakia hartu zuen iazko urrian.

Abandoibarra bizileku berria

Casilda Iturrizar parkeko saskibaloi jokalekuak bilbotarren artean erabilienak ziren. Hori dela eta, hiriburuko beste tokiren batean kokatzeko toki egokiaren bila aritu da udala azkenaldian. Hainbat aukera aztertu ondoren Abandoibarran izango dute bizileku berria. Euskalduna ingurua asko aldatu da. Gune berdeak zein haurrek jolaserako barrutiak eraiki dituztenez, tokirik aproposena dela iruditzen zaio udalari.

Saskibaloi kantxa ezartzeko Abandoibarra ingurua nahitaez egokitu behar du udalak. Lanak hilaren amaieran hasiko dira, eta bi hilabete eta erdiren buruan bukatzea espero dute. Beraz, maiatza erdirako prest egongo dira Abandoibarrako orubean eraikiko dituzten saskibaloi jokaleku berriak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario