Tortura errealitate gordina da Euskal Herrian. Azken 50 urteotan, kasik 10.000 euskal herritarrek torturak edo tratu txarrak salatu ditu polizia ezberdinen esku egon ondoren. Badira torturapean hildako herritarrak ere.
Azken asteotan tortura lekukotza berriak iritsi zaizkigu.
Torturaz hitz egiten dugunean ez gara lehenaldian ari, orainaldian baizik.
Torturarekin amaitzea guztion ardura da.
Euskal Herrian eta nazioartean hamaika erakunde, alderdi politiko eta sindikatuk arbuiatu dute inkomunikazioaren praktika. Amnistia International, Nazio Batuen Erakundeko begiraleak, Nazioarteko abokatuen elkargo ezberdinak, Eusko Autonomi Elkarteko parlamentua, Euskal Autonomi Elkarteko Arartekoa, Euskal Herriko gehiengo sindikala... Espainiako gobernuak muzin egin die eskaera hauei guztiei.
Inkomunikazioa erabiltzen jarraitzen du Espainiako Gobernuak tortura eta tratu txarrei bide emanez. Torturaren eragina ez da komisarian amaitzen. Torturapean egindako deklarazioak froga bezala erabiltzen dira auzitegietan, eta froga hauek herritarrak zigortzeko baliatzen dira.
Gure herrian zabaldu den aro politiko berrian torturaren gaia mahai gainean jarri nahi dugu. Giza eskubide guztien bermeaz hitz egiten ari garen honetan, torturarekin amaitzeak garrantzia berezia hartzen du gure begietara.
Estrasburgok Espainiako Estatua zigortu du tortura salaketa bat ikertu ez izanagatik. Hilabete amaieran Mattin Sarasola eta Igor Portu torturatzea egotzita Guardia Zibilak akusatuen aulkian eseriko dira Donostian. Hilabete amaieran Maite Orue torturatzea egotzita Espainiako Polizia Nazionalak akusatuen aulkian eseriko dira Madrilen. Denbora igaro da gertaera haietatik baina oraindik orain ugariak dira Espainiako Polizia Nazionalak, Guardia Zibilak eta Ertzaintzak buruturiko atxiloketen ostean torturatuak izan direla salatu duten euskal herritarrak.
Tortura ezkutuan mantentzeko ahalegina aspaldikoa da. Tortura salatu izana zigorraren jomugan dago. Torturatuak izan diren herritarrak auzibidean jarri dituzte beraiek jasandakoa salatu izanagatik. Torturak salatu dituzten herritarren abokatuak auzibidean jarri dituzte beraien bezeroak jasan duena salatu izanagatik.
Egoera honetan, gaiak duen larritasunari loturik, honako eskaerak mahai gainean jarri nahi ditugu:
- Tortura errealitate bat da Euskal Herrian. Tortura kasuak ez dira salbuespenak.
Torturarekin behin betirako amaitzea eskatzen dugu. Inor gehiago torturatua izan ez dadin beharrezko neurri eta bermeak aldarrikatzen ditugu.
- Torturatuak izan diren herritarrei torturaren ondorioak gainditzeko beharrezkoak zaizkien bideak eskaini behar zaizkie.
- Torturaren praktikak duen zigorgabetasuna amaitzeko eskatzen dugu.
- Erakunde publikoei konpromiso argiak eskatzen dizkiegu torturarekin amaitzeko eta horretarako eman behar den lehenengo pausua inkomunikazioarekin behingoz bukatzea da.
Beraz, torturarekin amaitzeko lan egiteko deia luzatzen dugu. Zentzu honetan dei egin nahi dugu Urriaren 30ean Donostian burutuko den manifestazioan parte hartzera. Manifestazioaren leloa Torturarik ez! izango da eta arratsaldeko 17:30etan aterako da Antiguako Tuneletik.
Torturaren Aurkako Taldea, Torturatuak izan diren herritarrak, Torturatuak izan diren herritarren senideak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario