2012/10/14

Bypass, euskarazko pelikula, Indautxuko zinemetan

Ez dugu sarritan izaten zinemetan pelikulak euskaraz ikusteko aukera, eta are gutxiagotan ikusten ditugu Euskal Herrian eta euskaraz grabatutako filmak zinemetan. Baina oraingoan ezohiko aukera horietako batez gozatzeko aukera daukagu; izan ere, Bypass pelikula Euskal Herriko aretoetan estreinatu da.
Albiste bikaina da komedia hau joan zen hilabetean Donostiako Zinemaldian ikusteko aukera izan ez genuenontzat. Patxo Telleria aktore, umorista eta gidoilari ezagunaren lan honek Gorka Otxoa (Goenkale, Vaya Semanita, Pagafantas) eta Barbara Goenaga (Goenkale, Izarren Argia) ditu protagonista, eta zinema-aretoa barre-algaraz bete omen zuen Zinemaldian.

Indautxun ikusgai daukagu bai Multicines zinemetan zein Alondegiko Golem zinemetan.

Gainera, filma Bilbon eta batez ere Abando eta Indautxun girotua dago. 
LABURPENA: Xabi (Gorka Otxoa) Bartzelonan bizi da neskalagunarekin (Barbara Goenaga). Egun batean, Maria (Sara Cózar), bere adiskide bat, hilzorian dagoela eta berarekin maiteminduta dagoela esaten diote. Orduan, Xabik erabakitzen du Mariari maite duela esatea, bere lagunaren azken egunak gozoagoak izan daitezen. Baina kontua da ezusteko albiste horri esker Mariak ustekabean sendatzea lortzen duela eta Xabirekin harreman formala izan nahi duela. Medikuek Xabiri esan diote edozein albiste txar hilgarria izan daitekeela Mariarentzat, eta, orduan, harekin maiteminduta dagoen itxurak egiten jarraitzea erabakitzen du.






No hay comentarios:

Publicar un comentario