2009/11/24

Bart gaueko atxiloketen inguruko Ezker Abertzalearen adierazpena



Lehenik eta behin, ezker abertzaleak bere elkartasun osoa adierazi nahi die bart gauen atxiloturiko gazte guztiei eta euren senide eta lagunei. Berriro ere, euskal gazteria izan da espainiar eta frantziar errepresioaren jo-puntua. Berriro ere, atzerriko poliziak euskal gazteak atxilo eraman dituzte, Euskal Herriaren alde antolaturik lan egitearen salaketapean. Indar polizialen eskuetan gazte hauek jasan dezaketen tratuaren inguruan gure kezka adierazten dugu eta euren berehalako askatasuna exijitzen dugu.

Hilabete hauetan ezker abertzalea eztabaida sakonean murgildua dago. Euskal Herria aldaketa politikora eraman eta eskenatoki demokratiko bat eraikitzeko estrategia eraginkorra definitzeko lanean gabiltza, eta argi dago honi beldurra diola Estatu espainiarrak. Eztabaida hau eta ezker abertzalearen iniziatiba politikoa zapuzteko Estatuak horrelako operazio errepresiboak burutuko zituela jakina zen, izan ere, errepresioa da Estatu espainiarrak duen tresna bakarra.

Eztabaida politikoari izugarrizko beldurra dio Estatuak, Euskal Herriaren ukazioa eta euskal jendartean erabakitze eskubidea ukatzea justifikatzeko argudio politikorik ez du eta. Indar bidez itxi nahi ditu konponbide guztiak Estatu espainiarra ordezkatzen duen PSOEk. Armen bidez Espainiaren proiektua inposatzen jarraitu nahi du PSOEk.

Aurreko astean 25 eta 20 urte bete ziren PSOEren aginduz Santi Brouard eta Josu Muguruza hil zituztenetik. Bart, hamarnaka euskal gazte atxilotu dituzte. Ez dezatela pentsa horrelako ekintzak indar erakustaldiak direnik, zinez ahula den eta eztabaida politikoari beldur izugarria dion estatu batek soilik erabili behar ditu eta horrelako tresnak bere arerio politikoari aurre egiteko.

Erasoak eraso, ezker abertzaleak Altsasun argitaratu zuen agiriaren edukiekin bere konpromisoa berresten du. Inolako eraso errepresibok ez gaitu gure bidetik aterako. Zaunka dabiltzan arren, ez gaituzte Prozesu Demokratiko bat abiatu eta garatzeko gure erabakitik desbideratuko. Ezker abertzalea prest da Estatuarekiko konfrontazio politikoa garatzeko, eta eskua luzaturik du bestelako eragile politiko, sindikal eta sozialekin prozesu hau garatzeko.

Azkenik, datozen egunetan operazio politiko-polizial hau salatzeko eta atxilotuei elkartasuna adierazteko burutuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu.

Animo eta aurrera!

Ezker Abertzalea,
2009ko azaroak 24

(ezkerabertzalea.info)

No hay comentarios:

Publicar un comentario