2009/11/17

Jazarri, atxiki eta eskuan bala jarrita mehatxatu dute Igorreko gazte bat



Arratian Guardia Zibila hainbat laguni jazartzen ari zaiela ohartarazi dute, eta «gerra zikina» dela adierazi

AITZIBER LASKIBAR.

Igorre

Guardia zibilak zirela esan, eta, burua estalita, lau pertsona goizaldeko ordu biak inguruan hurbildu zaizkiola, esku bat eskuburdinaz lotu, galdekatu, jo eta pistola erakutsita eta bala bat eskuan jarrita mehatxatu dutela salatu du Andoni Akesolo Igorreko (Bizkaia) gazteak. Eta egindako galderei erantzun ezean kartzelatu egingo zutela iradoki ziotela. Igorreko Herriko Tabernako langilea da Akesolo. Eta, kontatu duenez, taberna ixten ari zenean joan zitzaizkion mehatxuka. Ez zen jazartzen zioten lehen aldia izan. Ezta azkena ere. Guardia zibilak azkenaldian segika dituela dio. Etxe azpian izaten dituela sarri, atzetik jarraitzen diotela, eta autoz Bilboraino ere segitu izan dutela. Uniformearekin batzeutan, kaleko jantzita besteetan. Baina duela hiru aste gertatutakoa izan da larriena. Urduri kontatu du gertatutakoa. Ahotsa eteten zitzaiola, eskuak dardarka. Azaldu du urriaren 23ko gauean, taberna garbitu eta ur zikinak kanpoan husten hasi zenean, bi pertsona beregana joaten ikusi zituela, burua estalita. Jarraian, beste bik atzetik hartu, hormaren kontra jaurti, eta, pistola bat erakustearekin batera, guardia zibilak zirela esan ziotela. Goizaldeko ordu biak aldera ziren. Esku batean esku-burdinak jarri zizkioten, eta atxilotuta zegoela esan. Baina galdera batzuei erantzunez gero «arazoa konponduta» geratuko zela. Igorreko gazteak kontatu duenez, Arratia eskualdeko beste hiru gazteren izenak aipatu zizkioten jarraian, eta horiei buruz galdetzen hasi ziren. Akesolok ez ziela erantzuten ikustean hasi ziren mehatxuak. «Tabernan zer zegoen bazekitela», eta, «fardel guztia» beregain eroriko zela esan ziotela. Eta, azkenaldian, birritan sartu da norbait Igorreko herriko tabernara, gauez, lapurreta itxura eman arren lapurtuta ezer eraman gabe. Akesolok kontatu duenez, mehatxu egin ziotenek jo ere egin zuten; erasotzaileetariko batek ukabilkada bana eman zizkion sabel eta buruan. Eskua zabaltzeko esan zion jarraian. Zerbait eman nahi ziola. Gazteak ezetz erantzun zion, baina, beste batek eskua hartu, eta bala bat jarri zion. Auto zaratak entzun ziren orduan inguruan. Jendea hizketan ere bai. Orduan, bala hartu, eta korrika alde egin zuten lau erasotzaileek, Akesolok kontatu duenez. Atzo kontatu zuen gertatutakoa gazteak prentsaurrekoan, 50 bat herritarren babesa atzean zuela. Salaketa formala ere egina du Durangoko auzitegian. Arratian hainbat kasu Jarraipen, mehatxu eta presio kasu gehiago egon dira azkenaldian Arratian Iskander Agirrezabalak ohartarazi duenez. Bera ere jarraika dute azken hilabeteetan. Guardia Zibilaren patrolak etxe azpian izaten ditu, eta segika izaten ditu sarri. Beste bi lagunek ere egoera berean daudela jakinarazi dute, agerraldian Akesoloren mahai berean eserita. Halako jazarpenak Euskal Herri osoan areagotzen ari direla salatu du Agirrezabalak. Ezker abertzalearen proiektuen alde lanean dabiltzanak jazartzen ari direla, eta lan horixe oztopatzea dutela helburu. «Estatuak gerra zikin berria hasi du», ondorioztatu du, Jon Anzak desagertuta jarraitzen duela gogoratuta. Ohar bera plazaratu du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak ere. Arratian gertatzen ari direnak ez direla «kasu bakanak» adierazi du, eta azken hilabeteetan «hamaika salaketa» jarri direla epaitegietan. Espainiako Barne ministro Alfredo Perez Rubalcabak zuzendutako «gerra estrategiaren beste kapitulu bat» iruditzen zaizkio horiek guztiak; Frantziako eta Espainiako gobernuek abiatutako «salbuespen egoeran» eta «gerra zikinean». Halako gertaerak salatzeko deia egin du AAMk, eta Igorren hilaren 27an egingo den manifestazioan parte hartzeko eskatu.


Berriatik ataratako albistea

No hay comentarios:

Publicar un comentario