2009/11/16

Igorreko gazte bati beraiekin kolabora zezan jazarri zitzaizkion aurpegia estalita zeramaten pertsona armatuak


Indautxuko auzokideak salatu duenez Guardia Zibil bezala aurkeztu zitzaizkion kaputxadun armatuek eskuburdinak jarri eta pistola batekin mehatxatu zuten. Igorreko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak gertaerak salatu eta manifestazioa deitu du Azaroaren 27rako.

ANDONI AKESOLO GAZTEAREN LEKUKOTZA


Urriaren 23an taberna isten nenbilela ur lohiegaz betetako balde bat hustera joan nintzen. Ura botaten hasi nintzenean aurrean kaputxadun bi ikusi nebazan nigana etorten eta ikusi eta segiduan beste kaputxadun bik atzetik hartu eta hormaren kontra bota ninduten, Guardia Zibilak zirela esanez pistola bat erakutsita. Esku batean esku-burdinak ipini eustiezan eta euretako batek, galdera batzuekaz kontua konpondu ahal zala esan eusten.

Orduan, Arratiako hiru gazteren izenak aipatu eta ia ezagutzen nebazan galdetu eustien, nondik ezagutzen nebazan jakin guran. Honen ostean mehatxuka hasi zirean tabernan zer egoela baekiela esanez, eta danan “marroia” neuk jango nebala zehaztuz. Kasurik egiten ez eutsiela ikusita euretako batek tripan eta buruan ukabilkada bana emon eusten. Azkenean, beste eskua zabaltako esan eustan, gauza bat emon gura eustala eta. Nik ezetz esan eta euretako batek bala bat hartu eta eskuan ipini eustan. Orduan taberna ondoan kotxe-zaratak eta jentearen berbea entzun ebenean balea hartu eta korrikan egin eben alde.


Igorren, 2009ko azaroaren 16an

Igorreko Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren irakurketa:

Lehenik eta behin jazarpen poliziala pairatu duten guztiei gure babes osoa eskaini nahi diegu. Urteak dira estatuek Euskal Herrian salbuespen egoera ezarria dutela salatzen. Errepresioak aurpegi ezberdinak dituen arren, historikoki garai politiko bakoitzean beren erara egokitu dute errepresioa. Eta gaur egun diseinaturiko estrategian, fronte errepresibo guztiak irekiak dituzte, horien artean euskal herritarrak jazartzea eta mehatxatzearena. Lander Fernandez eta Alain Berastegi preso ohien kasuak edo azken hilabeteetan epaitegi ezberdinetan sartzen ari diren hamaika salaketa judizialek hau erakusten dute.

Arratian jasandakoak beraz, ez dira kasu isolatuak, jazarpena testuinguru errepresibo honetan gertatzen da, non atxiloketak, torturak, legez kanporatzeak eta poliziaren bortizkeria egunerokoak diren. Inpunitate osoz demokraziaren oinarriak hankaz gora utzi ditu espainiar gobernuak, denak balio du Euskal Herria askatasunera eraman nahi duen sektorea ezabatzeko, baita beraiek egindako legedia nahi dutenean ez betetzea ere.

Rubalcabak zuzenduriko gerra estrategiaren kapitulu berri baten aurrean gaude. Eta gertaera hauek era sistematiko baten ematen diren unetik, nork agintzen dituen galdetu behar diogu gure buruari?

Gure ustetan ez dira kasualitatea, duda barik, estatuek zuzenduriko XXI. mendeko gerra zikinaren aurrean aurkitzen gara. Espainiak eta Frantziak salbuespen egoera ezarri dute non askatasun demokratikoen lekuan jazarpen ideologikoa, tortura eta gerra zikina ezarri dituzten. Argentinako diktaduran ohikoak ziren gertaerak edo gaur egun, Kolonbiako paramilitarren ohiko jarduerak egiten ari dira gure auzo eta herrietan.

Eta testigantza hauek entzunda denoi gogora etortzen zaigu une honetan euskal iheslari politiko bat, Jon Antza, desagertua dagoela. Zer gertatu da Jonekin? Zer egin dute Jonekin? PSOEren isiltasunak bahitu, torturatu, hil eta lurperatu dutenaren hipotesia indartu besterik ez du egiten. Zentzu honetan espainiar eta frantziar gobernuei dei egiten diegu Jonekin gertatu dena lehenbailehen argi dezatela.

Egoera aldatzea gure esku dago, horregatik, jazarpen poliziala eta oro har errepresioaren aurrean, askatasun demokratikoen defentsan antolatzeko deia egiten dugu. Gaur egun, urratuak ditugun oinarrizko eskubideak berreskuratzeko borroka egin behar dugu. Estatuek egin nahi duten bide poliziala ez baitio ezer onik ekarriko herri honi, Euskal Herriak konponbide demokratikoa behar du. Bide horretan azken hilabeteetan ematen ari diren praktika parapolizial guztiak bukatzea eta indar armatu arrotzak gure kaleetatik alde egitea aldarrikatzen dugu.

Gure aldetik antzeko egoerak pairatu izan ditzakeen herritar orori AAMrekin harremanetan jarri eta gertaerak salatzeko dei berezia egin nahi diegu. Salaketa judiziala eta erantzun soziala dira inpunitatezko gertaera hauei topeak jartzeko biderik eraginkorrenak. Era berean, dei egiten dugu mobilizazioaren eta salaketaren bidez egoera eta jazarpen guzti hauei aurre egitera, hain zuzen ere datorren azaroaren 27an arratsaldean Igorren antolatu dugun mobilizazioan parte hartzeko deia egiten dugu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario