Bilgune Feministak instituzio politiko publikoen inguruan antolatuko dugun Mintegian parte hartzeko gonbitea egiten dizuegu.
Feministok, instituzio publikoetatik bideratzen diren politikak aztergai izan ditugu aspalditik. Hauen eragin zalantzagarria kezka iturri izan da eta izaten jarraitzen du gaur egun ere. Horren isla dira, Euskal Herriko mugimendu feministak 2008. urtean Portugaleten antolatu zituen IV. Jardunaldietan zabaldu zuen eztabaida, eta Bilgune Feministak 2009. urtean Tolosan egindako topaketetan, gaiaren inguruan sakontzeko eta aurrera pausuak emateko egin zuen ahalegina.
Instituzio publikoetatik bideratzen diren politikek borroka feministaren instituzinalizazioa eta berdintasunaren idei faltsuaren zabaltzea ekarri dute, hein handi batean, mugimendu feministaren jarduna bereganatuz. Hala ere, prozesu honetan izan beharreko jarduera adostea, edota ondorio zehatzetara iristea zaila egin zaigu. Hainbatetan, mahai gaineratu den gabezia da, instituzio publiko politikoekin lan egiteko irizpide falta.
Horregatik, gaur egun bideratzen diren genero eta berdintasun politikak zein legeak ezagutzea eta hauen gaineko kritika feminista adostea beharrezkoa ikusten dugu, eta baita, gure sarearekin konpartitzea ere. Gure jarduna adosteko eta instituzio publikoetan eragiteko tresna posibleak identifikatzeko garaia iritsi dela pentsatzen dugu. Gure lana zenbateraino hartzen dute kontuan? Gure jarduera feminista zenbateraino baldintzatzen dute? Zertarako parte hartu? Zein norabidetan? Nola eragin behar dugu instituzio publiko politikoetan emakumeon bizi baldintzak hobetzeko?
Finean, Euskal Herri feminista lortze bidean, beharko ditugun bitarteko instituzionaletarako oinarriak jartzea izango dugu helburu Bilbon bilduko garen feministok.
Horregatik guztiagatik, galdera hauei erantzuna denon artean aurkitzeko, zuen parte hartzea eta ekarpena oso garrantzitsua ikusten dugu. Beraz, Otsailaren 19an goizeko 9.30etan Bilboko La Bolsan egingo dugun Mintegian parte hartzera gonbidatzen zaituztegu
No hay comentarios:
Publicar un comentario