Datorren asteartean, azaroak 20, 28 eta 23 urte beteko dira, hurrenez
hurren, Santi Brouard eta Josu Muguruza, gure lagun eta burkideak hil
zizkigutenetik. Guretzako balio emozional, sinboliko zein politikoz
beteriko data horretan, urtero egiten dugun moduan, Santi eta Josu Ezker
Abertzaleko militanteak omenduko ditugu.
Azaroaren 20ean, Santi eta Josu omenduko ditugu. Eurak, eta euren
figurak ordezkatzen duten guztia omenduko ditugu: Euskal Herriarekiko
konpromisoa eta maitasuna, konpromiso eta koherentzia militantea, Ezker
Abertzalearen baitan eginiko ekarpen oparo eta ezinbestekoa.
Ezinezkoa zaigu, halaber, Santi eta Josu oroitu eta omentzeko
antolatuko ditugun ekitaldiak Euskal Herrian bizi dugun testuinguru
politikotik bereiztea. Izan ere, urtebete bete berri da Aieteko
Nazioarteko Konferentziatik eta ETAren erabaki historikotik.
Abagune berri batean aurrean da gure herria: Justizian eta eskubide
guztien aitortzan oinarrituriko bake agertoki bat eraikitzeko aukera
ireki da parez pare. Eta aukera hori irekitzea ezinezkoa litzateke Santi
eta Josuren moduan, euren ekarpen humano, politiko eta militantea
burutu duten milaka lagunen borrokarik gabe.
Horrela bada, astearte goizean, urtero bezala burutuko ditugun lore
eskaintzetan honakoa omendu nahi dugu: bakea eta askatasuna eraikitzea
ahalbidetu duen ekarpen militantea.
Datorren asteartean lore eskaintza burutuko da goizean:
- 12:00tan Ametzola parkean, Santi Brouarden monolitoan
- 12:30tan Errekaldeko Plazan, Josu Muguruzaren monolitoan
Arratsaldez, Egiari Zor Fundazioak zazpi t'erditan Esperantza frontoian ekitaldia burutuko du.
No hay comentarios:
Publicar un comentario